2005-07-03

> Uztailaren artikulua: AZERIAREN EZTEIAK

  • Kirmen Uribe - Idazlea
  • Gara, 2005-07-3


Euskal tradizioan badira gauza bitxiak. Anjel Lertxundi idazleak kontatzen du haren “Letrak kalekantoitik” liburu gogoangarrian. Nonbait azeriaren ezteia edo azeriaren bataioa deitzen omen zitzaion garai orain eguraldi euri-eguzkitsuari. Azeria bera ere horrelakoxea baita, orain agerian dago eta orain ezkutuan, orain geure mundukoa da orain beste mundukoa. Anbiguotasunaren sinboloa da azeria herri tradizioan.


Orain euritsu orain eguzkitsu dagoen eguraldiari esaten zaio beraz azeriaren ezteia. Horrelakoetan ateratzen da ortzadarra. Eta ortzadarrarekin loturik ere badago usadio zahar ederrik. Uste zaharra zen ortzadarraren azpitik pasatzen den neska mutil bilakatzen zela eta mutila neska. Beharbada horrexegatik ditu ortzadarraren koloreak gay eta lesbianen banderak.


Berlinen egon naiz egunotan bertako poesia festibalean. Paseatzen eman ditut ordurik gehienak. Udaletxean egon nintzen behin. Etxe gorria esaten diote Berlinen udaletxeari, adreilu gorriz egindako eraikina baita. Gerra garaian txikitu egin zuten bonbek baina gero argazki zaharretan oinarrituta behetik gora altxatu zuten komunistek. Ezen udaletxea Berlineko ekialdean geratu zen, komunisten aldean.


Bandera handi-handi bat zegoen udaletxeko balkoitik zintzilik. Bandera ez zen Berlinekoa, ez Alemaniakoa. Europakoa ezta ere. Gay eta lesbianen bandera erraldoi bat zegoen eskegita Berlineko udaletxeko balkoian. Alkatea bera ere gaya izaki.


Berlinetik bueltan ikusi ditut Madrilen familiaren aldekoek egindako manifestazioaren irudiak. Harritu egin naiz xehetasun batekin. Zenbat bandera espainiar zeuden manifestazioan. Han hemenka ikusten ziren Espainiako banderak manifan, txitean potean. Jendeak eskuetan zeuzkan afixak ere Espainiako banderaren kolorekoak ziren. Eta neure buruari galdetu diot zer ikusi duen familiak Espainiako banderarekin. Batek daki.


Espainiako banderak ez ditu urte asko, bandera guztien moduan. Nahiko berria da. Hasieran itsas armadako bandera izan zen. Koloreak aukeratu zituzten itsasoan urrunetik ikusteko modukoak: gorria eta horia. Izan ere, itsasoan bi kolore horiek falta dira eta erraz ikusten dira apartetik. Itsasoa izan daiteke urdin, gris, zuri, beltz, berde baina inoiz ez hori edo gorri. Eta horrexegatik hautua. Gero, itsas armadakoa zen bandera hori hartu zuten Estatuaren sinbolo gisa eta gaur arte.
Espainiako bandera batzuk ortzadarraren kolorekoa besteak. Espainiakoak kolore bi ditu soilik eta ortzadarrak kolore guztiak. Aldea dago.