2005-10-19

> MANIFESTUA: Euskadiko hiesaren aurkako elkarteen plataforma


25 urte daramatzagu GIBarekin bizitzen eta denbora horretan birusa dutenen arazoak ere aldatu egin dira. Adiskide asko ez daude dagoeneko gure artean. Hamarkada batean birusa zutenen bizi-itxaropena ez zen batere ona. Egoera honek, ordea, hobera egin zuen 90eko hamarkadaren erditik aurrera. Ikerketako aurrerapenei esker heriotza-tasa murriztu, ospitaleratzeak gutxitu eta seropositiboen bizi-kalitatea hobetu egin zen. Kasu gehienetan HIESa patologia kroniko bat bezala tratatzea lor dezakegu, betiere diagnostikoak oso berandu egiten ez direnean. Osasun-aldaketa hauek aldakuntzak ekarri zituzten legegintzan ere. Minusbaliatuen pentsio guztiak berrikusi egin ziren, bereziki ez-kontributiboak, eta, hobera egin zutela esanez, pentsioa kendu egiten zieten gehienei.

Seropositibo gehienek bizitza arrunta dute, lan egiten dute, bikotea dute, planak egiten dituzte etorkizunari begira, etxe bat erosi nahi dute, familia bat osatu nahi dute,…

Egoera asko aldatu arren, seropositiboek arazo asko dituzte oraindik. Langabezia-tasa %40 ingurukoa da birusa dutenen artean, lan-merkatuak baztertu egiten ditu seropositiboak, GIB eramaileek diskriminazioa jasaten dute eguneroko bizitzan; arazo hau birusa dutenek gizarteratzeko duten arazorik handiena da eta horrela jakinarazi diogu Europako Parlamentuari. Munduko ia 90 herrik sarrera ukatzen diete GIBa dutenei: bidaiatu edo beste herri batera joan nahi badugu gezurra esan behar dugu. Gurean, GIB eramaileen %50 C hepatitisaren birusaren eramaileak dira. Ko-infekzio hau bigarren epidemia bat, alegia, ezkutuko epidemia bat eragiten ari da, eta egunero heriotzak eragin arren, ez da ia aipatu ere egiten. Gaixotasuna transmititzeko mekanismoak ere aldatu egin dira eta kutsatu berrien artean, diagnostiko berrien ia %30 atzerriko populazioari dagokio. Errealitate honek prebentzio programak egokitzera behartzen du. Egun dugun beste erronka garrantzitsu bat Hiesa berandu diagnostikatzea saihestea da. HIESak jota daudenen artean, hirutik bat oso berandu ohartzen da GIBa duela eta birus honek kalte larriak edo aurreratuta dagoen HIES bat eragin diola. Pertsona hauentzat tratamenduak berandu iritsiko dira. Tratamendu antiretrobiralak zailtasun berriak ekarri zituzten, alegia, botiken aurkako ondorioak. Hauetako ondorio batzuk oso larriak dira, izan ere, gaixoen bizi-kalitatean nabariak diren aldaketa fisikoak eragiten dituzte. Lipodistrofia izeneko sindromeaz ari gara. Sindrome honen ondorioz, gantzak ez dira behar bezala banatzen gorputzean zehar. Gaixo askok kirurgia konpontzailera jotzen dute, baina soilik diru asko dutenek. Bikote askok, non kide bat GIB eramailea den, seme-alabak izan nahi dituzte, baina horretarako behar adina diru behar dute.

Egoera honen aurrean, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari eskatu genion Osakidetzak Euskadiko seropositiboei ukatzen dizkien zenbait laguntza emateko. Eta orobat lipodistrofiak jota daudenak tratatzeko, eta beharra dutenak, kirurgia konpontzailearen bidez sendatzeko. Tratamendu antiretrobiralek eragiten dituzten itxuragabetasunak osasun publikoak arindu ditzala eskatzen dugu eta orobat HIESak jota dauden gaixoak tratatzeko teknika garrantzitsu hauek baliabide gutxiago dituztenen eskura jar ditzala. Halaber eskatzen dugu seme-alabak izan nahi dituzten bikoteak, non kide bat GIB eramailea den, modu naturalean haurrak izateko zailtasunak dituzten euskal bikoteak tratatzen dituen programaren barnean sartzea. Horrez gain, eskatu genuen ko-infekzioen arazoa kontuan hartzea eta hauek prebenitzeko eta gaixoak tratatzeko baliabide ekonomikoak handitzea. Aurrekontu hauek, ordea, bere horretan diraute urtea joan eta urtea etorri. Euskal espetxeetan HIESa duten pertsonak daude eta ez dituzte kartzelatik ateratzen espetxeetatik kanpo haiek artatzeko zentro berezirik ez dagoelako. Alderdi politiko guztiek esan ziguten gure eskaerak arrazoizkoak direla, baina Osasun Saila oztopoak jartzen ari da eskaera hauek beren fruitua eman ez dezaten.

Horiek horrela, jendaurrean eskatu nahi diogu Inclan Jaunari gure eskakizunak kontuan har ditzan, oso ondo ezagutzen ditu eta. Bestela, guri galdetzea edo Hiesaren Kontrako Euskadiko Planera jotzea besterik ez du. Azken batean, keinuak dira eskatzen ari garena. Euskal Osasun Zerbitzu Publikoek inolako arrazoirik gabe ateak ixten ez dizkigutela ikusi nahi dugu. Izan ere, kopetaraino gaude ikusteaz GIB HIESA dugunok oraindik murriztuta ditugula gure eskubideak.