2004-11-12

> Manifestu eta deialdia: ESKOLA / GIZARTEA / HERRIA... LAIKOAK

  • EHGAM # 2004-11-12
Inkisizioa izan da Historian zehar herritarren uste, gogo eta asmoak kontrolatzeko munduak inoiz ezagutu duen modurik lazgarriena. Europan edozein disidentzia mota indargabetzeko erabili zuen Elizak, eta sutan erre zituen, ez bakarrik bere tesiak zalantzan jartzen ausartu zirenzientifikoak, baita Eliza barruko disidenteak, aginte politikoari aurre egin ziotenak, bestelako bizipen sexualak zituztenak eta gizonaren nagusitasun heteropatriarkalari muzin egin zioten emakumezkoak ere. Haren eragina ez zen txikiagoa izan Amerikan. Bertakoek ezagutu zuten fundamentalismo katolikoaren aurpegirik zital eta kriminalena. Konkistan militarren armak baino askoz eraginkorragoa izan zen inkisidoreek mundu berriko jendearen hezur-muinetaraino sartu zuten izua agintari berrien nagusitasuna onartu zezaten.
Europako jendarte zibilak apurka-apurka lortutako bizimoduaren sekularizazioa ez zen modu berean garatu Iberiar Penintsulan, Portugalen eta Espainian lekuan lekuko militarrek burututako estatu kolpeek prozesua atzeratu zutelako. Franco zenaren agintaldi militarrarekin fundamentalismoak berrogei urte izan zituen sendotu eta indartzeko, Eliza/Armada bikoteak inposatutako katolizismo-nazionalaren bidetik. Inkisizio garaiko biktimen kontrako jazarpena eta espetxeratzea indartu egin zen berriro.
Gaur egun, Elizako buruak Inkisizio garaiko gehiegikeriengatik barkamena eske dabiltzan honetan, hierarkiak ez du ondu-nahi asmorik erakutsi eta berdin-berdin jarraitzen du Eliza barrutik edo gizarte zibiletik bere sinesbideekin bat ez datozen guztiak jazartzen eta gaitzesten. Euren jaungoikoaren izenean bizimodu zurrun eta itxia inposatu nahi diete gainerako herritar guztiei, elkarbizitza demokraziarekin zerikusi gutxi duten arau moraletan oinarritu nahian.
Hezkuntzan euren nagusitasuna lehenetsiko duen sistema inposatu nahi izan dute, eskolaren beraren laikotasuna zapuztuz. Elizak Afrika eta Asia inguruetan hiesaren hedapena geldiarazteko preserbagailuaren erabilpena oztopatuz egin dituen ahaleginak hipokritak ez ezik, genozidatzat ere har daitezke. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean egin dituen adierazpenak, bestalde, zentzugabeak izan dira erabat, biktima bera egin dutelako erasoen errundun, eta heterosexismoan oinarritutako familia eredua bultzatu nahi izan dutelako, gizona etxeko jaun eta jabe egin, eta gainerako guztiak haren menpe jarriaz. Ez hori bakarrik. Sexu berekoak maitatu eta gozatzen dituztenen kontra apaizek erakusten duten obsesioa gehiegizkoa da, gizon eta emakume horiei maitatzeko edo inor hezteko gaitasuna dudan jartzeaz gainera, izateko eskubidea ere ukatzen baitiete. Ahaztu barik, jakina, Eliza barruan fundamentalismoa txarretsi dutenen kontra hierarkiak hartu duen jarrera zurruna. Horiek guztiak nabarmen geratu zaizkigu gurean eskola, gizarte eta herri laikoa eraiki nahian gabiltzanoi. Guk argi daukagu herri demokratiko batean zein den elizek bete behar duten zeregina, eta ez diegu leku gehiagorik, ezta gutxiagorik ere, egin nahi.
Horregatik jarrera fundamentalistak alboratu ditzala eskatzen diogu Eliza Katolikoari, utz diezaiola berarekin bat ez datozen guztiei bere kredoak inposatzeko asmoari, eta utz diezaiela bere barruan gizarte justu eta zentzuzko baten alde herri honetako gainerako eragileekin lan egin nahi duten kristauei ahaleginean aurrera egiten.
  • Laikotasunaren aldeko deia:
Fundamentalismo katolikoak sustatu dituen ekimenek eragindako ardura soziala kontutan izanik, zenbait eragilek horiei guztiei erantzun egokia emateko premia ikusi dugu, erasotzaileak ez ezik baztertzailetzat hartu ditugulako. Gure asmoa ez da elizari aurre egitea, ez eliza katolikoari ez gure artean diren gainerako elizei ere. Gure nahia gizarte osoari bizitzeko modu eta eredu bakarra inposatu nahi diotenen jarrera salatzea da. Gehiegizko lana egin behar izan dugu urte askotan gutxi batzuren nahikeriagatik alperrik galtzen uzteko: Eskola demokratikoagoa eta laikoa izateko egindako ahaleginak; emakumeen berdintasuna eta askatasuna lortzeko egindakoak; gay eta lesbianen eskubideak aitortuak izan zitezen; hiesaren kontrako borrokan garatutakoak edo elizan bertan zenbait kristau taldeek egindakoak ez ditugu alperrik galtzen utziko.
Hori guztia kontutan hartuta, arduratuta dauden eragile guztiei deia egiten diegu azaroaren 20an, Bilboko San Franziskoko auzo etxean (Mariaren Bihotzaren Plaza), goizeko 11:00etan, egingo dugun batzarrean parte hartu dezaten. Bileran abenduan egitekoa litzatekeen mobilizazio handia adostu eta prestatzea litzateke.
Gay mugimendutik antolatu dugun batzar horretara joateko fundamentalismo katolikoak antolatu duen kanpainagatik kezkaturik edo arduratuta dauden herritar eta eragile guztieu egiten diegu deia. Honekin batera doakizue mobilizazio horretarako proposatzen dugun oinarrizko agiria.