- "EUSKAL JENDEARTEAREN LAIKOTASUNA BERMATZEKO" ESKATU DIETE HAINBAT ELKARTEK AGINTARIEI
- Berria, ¿?
Eliza Katolikoko hierarkiaren jokabidea beren sinesmena gizarte guztiari inposatzearen aldekoa dela iritzita, "laikotasuna bermatzeko" eskatu diete agintariei hainbat elkartek; hala nola, gay eta lesbianen eskubideen aldeko zenbait taldek, LAB, CCOO eta EILAS sindikatuek, Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak, Hiesaren Aurkako Batzorde Herritarrak zein Eliza Gara elkarteak.
Elizako hierarkiak ez duela laikotasunik nahi uste dute agiriaren sinatzaileek; hau da, ez duela Estatuaren eta erlijioaren arteko banaketarik onartu nahi, eta ez duela herritarrek erlijio sinesmenak izateko eta haien arabera bizitzeko askatasuna dutela aintzat hartu nahi.
Aitzitik, Eliza barrutik zein gizarte zibiletik beren sinesmenekin ez datozen guztiak "jazartzen eta gaitzesten" dabilela iritzi diote. "Euren jaungoikoaren izenean bizimodu zurrun eta itxia inposatu nahi diete gainerako herritar guztiei; elkarbizitza, demokraziarekin zerikusi gutxi duten arau moraletan oinarritu nahian", agertu dute.
Sinatzaileen iduriko, honakoen bidez egin nahi du Elizako hierarkiak inposaketa hori:
- Elizak bere nagusitasuna hartuko duen hezkuntza eredua nahi dute.
- HIESA ekiditen saiatzeko preserbatiboaren erabilpenaren kritika, genozidatzat har daitekeen jarrera.
- Emakumeen kontrako jarrera maltzurra, orokorrean, erasoen ardura beraiei egozten ere.
- Ugaltzeko eskubideen gaineko mesprezua (abortua, lagunduriko ugalketa teknikak, kontrazepzioa...)
- Zelula amekin egin daitekeen ikerketarekiko ukoa.
- Norberaren bizitza eta heriotza propioa izateko eskubidearen ukazioa.
- Familia heterosexista eta patriarkalaren ereduaren defentsa.
- Sexu berekoak maitatu, sexu berekoekin elkar bizi eta gozatzen dituztenen kontrako gehiegizko obsesioa, eskubideak ukatzeraino.
- Eliza barruan bertan, beren egituren fundamentalismoa gaitzesten dutenen kontrako hierarkia honen agintzeko jarrera.
Hori guztia kontuan hartuta, "euskal jendartearen laikotasuna bermatzeko" galdegin diete agintariei. Halaber, iragarri izan duen bezala Elizaren hierarkiak kaleko mobilizazioak egiten baditu, eurak ere kalera aterako direla jakinarazi dute.
Ekimenaren sinatzaileak honakoak dira: Aldarte, Gaytasuna, Gastelesgay, Hegoak, Hikaateneo, Eliza Gara, EHGAM, Bizigay, Bizkaiko Lesbiana Feministen Koletiboa, EILAS, LAB, BOM (Bilboko Okupazio Mugimendua), BIGE (Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkartea), Hiesaren aurkako Batzorde Herritarra, CCOO, Elgera kultur elkartea eta Sarriko Solidario.