2005-06-19

> Miarritze: GAY PRIDE 2005 · Berria

  • Berdintasuna aldarrikatu dute Miarritzen gay eta lesbianek: Bostehun pertsona elkarretaratu eta karriketan barna denentzat eskubide berak eskatu dituzte
  • BERRIA, 2005-06-19 # Aitor Renteria - Miarritze

Poliziaren arabera 500 pertsona elkartu ziren atzo Miarritzen lgpb gay eta lesbianen kolektiboaren deialdiari jarraiki. Itsasargitik abiatu zen manifestazioa eta arratsaldean zehar ortzadar kolorez eta aldarrikapenez bete zituzten hiriko karrikak.

Iaz baino jende gutxiago egon da aurten. «Bero handia egin du eta jende anitzek nahiago izan du hiri barneko karriketan beha egotea», nabarmendu zuen Helene Poliart LGPB elkarteko Lehendakariak. Manifestazioa xume abiatu zen, baina ibilaldian zehar jende gehiago batu zitzaion.
«Hunkigarria izan da, sekula baino jende gehiago egon delako karriketan guri begira eta esku zartak emanez gu pasatzean».Dena dela, eguneko egitaraua goizeko hamaiketan hasi zen. Itsasargian bildu ziren antolaketari azken oreneko ukituak eman ondoren elkarteen arteko topalekua egiteko. Urtean zehar burutzen dituzten esperientzien berri trukatu zuten. Aurten presente izan da EHGAMeko multzo handi bat bertan.

Berdintasun aldarria

Espainian homosexualei ezkontzeko lege babesa eman zaiela eta aldi berean Frantzian homofobiaren aurkako legeak onartu direla azpimarratu zuen Poliartek Clemenceau plazan egin zuen hitzartzean.

«Urrats handiak egin badira ere, oraindik ez dugu erdietsi berdintasun osoa legearen aitzinean eta hori lortzeko lan handia dugu egiteko gure aitzinean», azpimarratu zuen Poliartek.Preseski, Estatuen urratsek duten garrantzia hizpide izan zuen. «Urratsak, garrantzitsuak badira ere, erakusten dute anitz badela egiteko eta estatuek tolerantziaren balioak goraki defenditu behar dituzte». Tolerantzia horrek pertsonen sexu eskubideak onartu eta norbanakoen askatasuna bermatu behar dituela adierazi zuen.«Jendartearen errespetua, oniritzia eta babesa badu, norbanakoak bere balioaz ardura gehiago hartuko du eta neurri gehiago hartuko ditu, hiesaz ez kutsatzeko, adibidez». Hiesa eta sexu bidezko eritasunen emendatzearen aitzinean arduraz aritzeko eskatu zien Clemenceau plazan bildutakoei.Manifestazioak jai giroan segitu zuen bidea. Aurten jende gutxiago izan bada ere, jarrera militanteagoa nabaritu dela diote antolatzaileek. Adibidez, EHGAMekin batera, Euskal Herria Zuzenean jaialdian egonen dira, uztaileko lehen asteburuan Zuberoan. Bertan prebentzio lana sustatuko dute.Manifestazioa amaituta, talde txikiagotan Miarritzeko ostatu alternatiboetan bildu ziren eta gauean han-hemenka besta segitzeko parada ukan zuten. Emaitzaz pozik daude.